Justifikazioa |
Kostaldeko guneak produktibitate altuko eremuak dira, lurretik, airetik, itsasotik eta pertsonen
eskutik egindako ekarpenak batzen baitituzte. Biztanleen % 40 baino gehiago bizi da kostaldean.
Inguru horietako ekosistemen narriadurak eragin neurrigabeak izan ditzake gizartean (IGOS, 2006).
Kostaldearen gaineko presio handietako bat eutrofizazioa da, batez ere nekazaritzako isurketatik
eratorritako lurreko nutrienteen eta etxeko hondakin-uren isurien ondorioz sortua. Kostaldeko
eutrofizazioak kalte larriak eragin ditzake itsas ekosistemetan eta itsasoko bizi-habitatetan, eta,
halaber, alga kaltegarrien loratzeak hedatzea eragin dezake.
Itsasoko zaborra munduko ozeano eta itsaso guztietan dago. Arriskua geroz eta handiagoa da
ekosistemetarako eta biodibertsitaterako. Halaber, kostu ekonomiko handiak eragiten ditu osasun
publikoan, turismoan, arrantzan eta akuikulturan dituen ondorioak direla-eta. Itsasoko plastikoek
interes berezia dute. Izan ere, azken 50 urteetan plastikoaren ekoizpena 22 bider baino gehiago
handitu da: 2025ean, estimazioen arabera, plastikoen birziklapenaren munduko tasa % 9koa zen.
Plastikoen ekoizpenaren igoera horren eta plastikozko hondakinen kudeaketa faltaren ondorioz, geroz
eta mehatxu handiagoak sortzen dira itsas inguruetarako. Lurreko iturrietatik datozen plastikozko 5
eta 13 milioi tona inguruk itsasoan amaitzen dutela kalkulatzen da.
14.1 xedeak kutsaduraren eragina murriztea du helburu, eta, horretarako, era guztietako itsas kutsadura
prebenitzeko eta gutxitzeko egiten du lan, bereziki lurreko jardueretatik datorren kutsadura (itsasoko
detrituak eta nutrienteen ziozko kutsadura barne).
Iturria: Nazio Batuen Estatistika Sekzioa
|